Bahá'u'lláhk, Bere idazkietan, milaka urtetan barrena gizakiak arduratu izan dituzten gai teologiko eta filosofikoak aztertu ez ezik, egungo pentsalariek gaurko munduari buruz egiten dituzten galdera pragmatikoak ere erantzuten ditu. Bahá'u'lláhren idazkiek, testuinguru zabalago batean ikusita, giza arrazari ahalbide bakanen bidea argitzen diote, norbanakoen zein giza antolakuntzaren garapenerako.
Iranen sortua 1817ko azaroaren 12an, Mírzá Husayn-'Alí Teheranen jaio zen nobleziako familia baten baitan izan daitezkeen onura guztiekin. Ez zuen heziketa formal handirik izan; hala ere, oso adin txikia zuenetik ezaguna zen Haren jakituriarengatik.
Gaztea zelarik, gobernuaren zerbitzurako bizibidea onartu beharrean, Haren aitak egin zuen bezala, Mírzá Husayn-'Alík, emaztearekin batera, behartsuen zaintzan eman zituen Bere indarrak. Geroago, Báben erlijioa onartuko zuelarik, gazte noblearen eta Haren familiaren bizitza betiko aldatuko zen.
Sekulan aurrez aurre topatu ez ziren arren, Mírzá Husayn-'Alík Báben mezua entzun zuen une berean harekiko sinesmena aitortu zuen eta indar guztiak erabili zituen haren sustapenerako.
1848an, Mírzá Husayn-'Alík Báben jarraitzaileak bildu zituen bilera garrantzitsu batean non erlijio berriaren izaera independentea finkatu zuten. Harez geroztik, Bahá'u'lláh izena hartu zuen, arabieraz "Jainkoaren Aintza". Komunitatea handitu ahala, haren kontrako aurkaritza basatia ere handitzen zen. Hirurehun bábíek babesa hartu nahi izan zutenean Xaykh Tabarsí izeneko santutegi bakartian, Bahá'u'lláhk haiengana joan nahi izan zuen, baina bidean jipoitu eta atxilotu egin zuten.
1850ean Báb hilarazi zuten jendearen aurrean. Báben jarraitzaile nagusiak ere sarraskietan hil zituzten, eta laster bizirik gelditzen ziren bábíek argi ikusi zuten Bahá'u'lláhrengana jo behar zutela.
1852an, Bahá'u'lláh faltsuki salatu egin zuten, Násiri’d Dín Xah Irango Erregearen bizitzaren aurkako atentatuan gaizkide izan zelakoan. Bera atxilotzeko agindua eman zutenean, akusatzaileei aurre egin zien, atxilotzeko ardura zutenen harridurarako. Oinutsik eta katez lotuta eraman zuten jendez gainezka zeuden kaleetan zehar "Putzu Beltza" lur azpiko ziegaraino.
Leotza bainu publiko bateko gordailua izan zen garai batean. Haren hormen barruan espetxeratuak makaldu egiten ziren giro hotz eta kirastu batean, elkarri lotuak kate izugarri astun batez zeinaren aztarnak Bahá'u'lláhren gorputzean geldituko ziren bizi izan zen artean. Inguru ilun hartan, berriz ere, gertakizunik zoragarrienetarikoa eta preziatuenetarikoa izango zen: gizaki hilkor bat, itxuraz gizakia zentzu guztietan, Jainkoak aukeratua izan zen gizateriari mezu berri bat helarazteko.
Moises, Jesukristo eta Muḥammaden bizitzei buruzko idazkietan zeharka bakarrik aipatua izan den Jainko Agerpen bizipena azaltzen digu Bahá'u'lláhk Beraren hitzetan: "Teherango bahitegian egon nintzen egunetan, kateen zama hilduragarriak eta haize kirastuak lo txiki bat besterik ez zidaten egiten uzten; halere, lokartze unetxo bakanetan, Neure buruko koroatik bularrera zerbait isuriko balitzait bezala sentitzen nuen, mendi goitik beherantz ur-bolada indartsu baten amiltzea balitz bezala. Eta horren ondorioz, nire gorputzeko atal bakoitza bizkortu egiten zen. Edozein gizakiri onartezina gertatuko zitzaiokeen hizketa kanporatzen zuen Ene mihiak une horietan".
Lau hilabetez oinaze larriak pairatu ondoren, Bahá'u'lláh askatu egin zuten eta betiko erbestera bidali zuten Irandik, Haren jaioterritik. Hura eta Haren familia Bagdadera –egungo Irakeko hiriburura– bidali zituzten lehendabizi. Han, bizirik zirauten Báben jarraitzaileak Bahá'u'lláhrengana jotzen zuten laguntza moral eta espiritualaren bila. Haren izaera zintzoak, Haren aholku jakintsuek, guztiengana isurtzen zuen ontasunak eta Haren gizagaindiko handitasunaren seinaleek komunitate gaixoa berpiztu zuten.
Bahá'u'lláhren buruzagitzak Haren anaia-erdi, Mírzá Yahyá, gazte eta handinahiaren jeloskortasuna piztu zuen. Horregatik, eta gatazkarako aitzakia ez izatearren, Bahá'u'lláh Kurdistango mendietara abiatu zen, eta han gelditu zen bi urtez Bere jainkozko xedea hausnartzen. Bakartze horrek gogora ekartzen zuen Moisesek Sinain egindakoa, Kristok basamortuan igarotako egunak edo Muhammad Arabiako mendixketan izan zenekoa.
Urrutiko eskualde hartan ere Bahá'u'lláhren ospea hedatu zen. Jendeak entzuten zuen jakituria handiko gizon bat bazegoela han. Kontakizun horiek Bagdadera iritsi zirenean bábíek segituan konturatu ziren Bahá'u'lláhri buruz ari zirela, eta mezu bat bidali zioten buelta zedin erregutuz.
Berriro Bagdaden zegoelarik Bahá'u'lláhk Báben jarraitzaileak piztu zituen; komunitatea handitu egin zen, eta Haren izen ona are eta gehiago zabaldu zen. Garai hartan Bere hiru idazlan nagusienetarikoak egin zituen –Hitz Ezkutuak, Zazpi Haranak eta Ziurtasunaren Liburua (Kitáb-i-Iqán)–; eta Bahá'u'lláhren idazlanetan Haren maila zeharka aipatzen bazen ere, ez zen oraino heldua hura jendaurrean aldarrikatzeko unea.
Bahá'u'lláhren ospea hedatu ahala, zenbait apaizen bekaitza eta maltzurkeria ere bizkortzen ziren. Irango Xaharen aurrean protesta egin zuten otomandar Sultanari eska ziezaion Bahá'u'lláh Irango mugetatik urrun zezan. Orduan, bigarren erbestealdia dekretatu zen.
1863ko apirilaren amaieran, Bagdadetik Konstantinoplara (gaur egungo Istanbul) abiatu baino lehentxeago, Bahá'u'lláh eta lagun batzuk hamabi egun eman zituzten lorategi batean, Hark Ridvan (Paradisu) izendatutakoa. Han, Tigris ibaiaren ertzetan, Bahá'u'lláhk aitortu zuen Bera zela Bábek iragarritakoa –Jainkoaren Mezularia gizateriaren helduaro kolektiborako– munduko idazki sakratu guztietan iragarria.
Bagdadetik irten eta hiru hilabete geroago, Bahá'u'lláh eta gainerako erbesteratuak Konstantinoplara iritsi ziren. Han lau hilabete soilik eman zituzten, hurrengo erbestealdi batengatik Adrianopolisera (Edirne) aldatu behar izan baitzuten, bidaia akigarria eginez negurik gorrienean. Adrianopolisen, ostatua hartu zuten lekuan, giro izoztuaren menpe gelditu ziren.
Bahá'u'lláhk Adrianopolis aipatzen zuenean "urrutiko presondegia" deitzen zion. Halere, erbesteratuek okerreko egoera pairatu behar izan zuten arren, Bahá'u'lláhren lumatik bertso inspiragarriek isurtzen jarraitu zuten eta Haren ikasbidea India eta Egiptoraino iritsi zen.
Behin, garai horretan, Mírzá Yahyá, Bahaullahren anaia-erdi jeloskorra, Hura pozoitzen saiatu zen. Gertakari negargarri horren ondorioz, Bahá'u'lláhk Bere idazkeran islatuko zen dardara izan zuen Bere bizitzaren azkeneraino.
1867ko irailaz geroztik, Bahá'u'lláhk gutun sorta bat idatzi zuen garai hartako munduko gobernarientzat. Idazki profetiko haietan Bere maila argi aldarrikatu zuen eta aro berriaren egunsentiari buruz hitz egin zien. Hori baino lehenago, jakinarazi zizkien planetan, politika eta gizarte mailetan, gertatuko ziren hondamenezko nahasteak. Munduko gobernariei deia luzatu zien justiziari eutsi ziezaioten eta menpekoen eskubideak aintzat har zitzaten. Bilera bat antolatzeko eskatu zien non denak bilduta gerrari amaiera jarriko zioten. Ekintza kolektiboaren bitartez bakarrik ezarri ahal izango da bake iraunkorra. Baina ez zioten Haren oharpenari kasu zipitzik egin.
Bahá'u'lláhren aurka egiten zutenen etengabeko eraginaren ondorioz, otomandar gobernuak Hura azkenean presondegirik zitalenera erbesteratu zuen.Mediterraneoko 'Akká espetxe-hirira 1868ko abuztuaren 31n iritsi zen, eta harresitutako hirian eta inguruetan emango zuen bere bizitza hil arte.
Espetxe batean bi urte luzez giltzapetuak egon ondoren Bahá'u'lláh eta Bere lagunak etxe estu batera aldatu ziren, beti ere hiriaren harresien barruan. Pixkanaka, bahá'íen izaera moralak –batez ere ‘Abdu’l-Bahárena, Bahá’u’lláhren seme nagusiarena– kartzelarien bihotzak samurtu zituen eta 'Akkáko biztanleen fanatismoa eta ezaxolakeriaren gainetik gailendu zen. Aurrerago Bagdaden eta Adrianopolisen gertatu zen bezalaxe, Bahá'u'lláhren izaera zintzoak komunitatearen mirespena bereganatu zuen, baita hango zenbait buruzagirena ere.
'Akkán zegoela Bahá'u'lláhk Bere lanik garrantzitsuena errebelatu zuen, Kitáb-i-Aqdas (Libururik Sakratuena), hartan Bere Fedearen funtsezko hastapenak eta legeak , eta mundu mailako ordena administratiboaren oinarriak ezarri zituen.
1870eko hamarkadaren amaieran, Bahá'u'lláhk preso jarraitzen zuen arren, baimena eman zioten hiriko harresietatik kanpora joateko bizitzera, horri esker Bere jarraitzaileak Berarekin elkartu ahal izango ziren ia arazorik gabe. 1890eko apirilean, Cambridge Unibertsitateko Edward Granville Browne Irakaslea Baháu'lláhrekin bildu zen Haren egoitzan 'Akkátik gertu.
Brownek hauxe idatzi zuen bilera hartaz: "Ikusi nuen Haren aurpegia ezin izango dut ahaztu inoiz, zehazki adierazi ezin dudan arren. Begi sarkor haiek nire ariman irakurtzen zutela zirudien; Bere bekoki zabalean ahaltasuna eta nagusitasuna ageri ziren ... Noren aurrean nengoenez galdetu beharrik ez nuen, erregeek bekaitzez eta enperadoreek alferreko irrikaz nahiko zuketen begirunea eta maitasuna hartzen zituen Haren aurrean makurtu nintzenean!"
Bahá’u’lláh 1892ko maiatzaren 29an hil zen. Bere borondate eta testamenduan, ‘Abdul-Bahá izendatu zuen Bere ondorengo eta Bahá’í Fedearen Burua izan zedin – historian lehen aldiz, mundu mailako erlijio baten Fundatzaileak idatziz eta modu ukaezinean bere ondorengoa izendatu zuen. Izendapen hori funtsezko xedapena da “Bahá’u’lláhren Ituna” delakoan, horri esker bahá’í komunitatea betiko bat izaten jarraituko du.
2017ko urrian mundu osoak ospatuko du Argi zoragarri hori munduaren ortzemugaren gainetik igo izanaren 200. urteurrena. Bahá'u'lláhren jarraitzaileak bizi diren ehundaka mila toki eta komunitateen dirdira gailenduko da Haren Agerpenaren oroitzapenerako.
Bahá'íak zure udalerrian Adierazpen artistikoakEspainiako bahá'í komunitatearen baitan jatorri kultural eta etniko askotako kideak daude, bai Espainiaren barrukoak bai kanpokoak, aniztasun hori komunitatearen aberastasun artistiko eta linguistikoan islatzen da.
Bahá'íak beste norbanako eta erakundeen laguntzaz gizartearen aurrerapenerako ahal duten guztia egiten dute Bahá'u'lláhk aurreikusten zuen mundu oparo, justu eta batuaren ikuspegina oinarriturik.